2013(e)ko azaroaren 27(a), asteazkena

LARUNBATEAN IZANEN DA EUSKAL BESTA ANTOLATZEKO BILERA

Udaberri aldera Euskal Besta antolatzeko asmoa agertu dute "Berako Gaztik" eta horretarako eragile zein interesatua dauden pertsonei antolakuntzan parte hartzeko deialdia egin diete bilera baten bidez. Bilera hau larunbat honetan, Azaroak 30 izanen da, Beralandetan eta arratsaldeko 4tan. Hurrengo idatziaren bidez egin dute adierazpena:

"EUSKAL BESTA

Beran, Hego Euskal Herriko bertze herri aunitzetan bezala, Herriko Etxean bandera Espainiarra zintzilikatzera behartu gaituzte. Orain arte, ez da inoiz Herriko Etxeko balkoian inolako banderarik jarri eta orain Espainiar agintariek, ikurren legearen bidez, Beratar gehiengo politiko eta sozialaren kontra eta gure nortasun, historia, eskubide eta askatasunaren kontra bandera Espainiarra inposatu digute.

2012ko urria aldera Ikurriñaren eguna ospatu genuen Beratarrok, eta Altzateko plazan ikurriña bat jarri genuen gure euskal ikurrak aldarrikatzeko. Ikurriñak gutti iraun zuen gure plazan, izan ere Nafarroako gobernutik ikurrina kentzeko agindua segidan ailegatu zitzaion udalari, eta nahiz eta Berako herriak ikurren legea bete (ikurriñarik ez baitago jarrita ez Herriko Etxean ezta inguruan ere, eta gainera pleno aretoan eta kanpoko balkoian Espainiar eta Nafar banderak daude jarrita) Altzateko plazan jarri zen Ikurriña kendu arazi ziguten.

Guzti honegatik, uste dugu garrantzitsua dela gureak diren nortasun ikurren defentsa herritar guzion artea egitea. Ez gara espainiarrak ez eta frantsesak, ez dugu nahi gurea ez denik. Horregatik gure herrian eta instituzioetan ikurrinak egon behar duela pentsatzen dugu, bertze euskal ikurrekin batera eta ez inposaturiko kanpo banderarik.

Aldarrikapen hau egiteko intentzioz, Berako gazteei Beran Euskal Besta bat egitea bururatu zaigu. Horretarako, euskaldun sentitzen zareten eragile guztioi besta hau antolatzen laguntzea proposatzen dizuegu, bakoitzak ahal duen heinean laguntza emanez:

– Eguneko ekitaldiak antolatu: Euskal dantzak, herri kirolak, bertsoak, kirol desberdinak,
umeentzako jokoak, musika...
– Txozna eta bertze egiturak montatu eta desmontatzea
– Lanerako turnoak egitea txoznan...
– Bazkaria egiten laguntzea, zerbitzatzea...
– Eta bururatzen zaizuen bertze edozein laguntza ongi etorria izango da!!!

Azaroak 30ean atsaldeko lautan Beralandetan bilera bat eginen dugu zuekin solastu eta laguntzeko prest zaudeten jakiteko, eta laguntzeko prest zaudetenekin hasiko gara euskal besta prestatzen.

ESKERRIKASKO

BERAKO GAZTIK" 

2013(e)ko azaroaren 25(a), astelehena

GURE TXOKOA FUTBOL TALDEKO GURASOEK BIDALITAKO OHARRA

Gure Txoko futbol taldeko guraso batzuek Beratik blogera idatzi dute laguntza eske, Matzada futbol zelaiaren egoera tamalgarria eta entrenatzeko erabili ohi den Agerrako zelaiaren egoera txarra  salatuz. Haien seme-alaben motibaziorako ezinbertzekoa deritzoten azpiegitura hauen egokitzea aldarrikatuz herritarren laguntza eskatzen dute.

Hona hemen jaso dugun idatzia:
Matzada futbol zelaia.
"GURE TXOKOA futbol taldeko guraso batzuk gara, eta zuengana zuzentzen gara gure seme alabek bizi duten egoeraren berri emateko asmoz, eta bide batez zuen laguntza eskatzeko. Izan ere, Gure Txokoa futbol taldeak urte aunitzez diru laguntzen behar handia baitu.

Gaur egun ditugun instalazio eskasarekin Gure Txokoan 180 bat haur eta gazte ari dira futbolean; 10 taldeetan banatuak eta sei maila desberdinetan jokatzen.


Alde batetik, MATZADA futbol zelaiaren egoera tamalgarria salatu nahiko genuke: zelaiaren egoera penagarria, harmailarik gabeko zelaia, partiduak ikusteko estaldurarik eza, bankilloak ... Oro har, Matzadak jasaten duen instalazio onargarri batzuen falta da guri larritzen gaituena.


Bestalde batetik, egoera honen aurrean, entrenatzeko erabiltzen den Agerrako zelaia ere ez da motz gelditzen. Matzada ez izorratzearren erabiltzen duten bertze zelai hau hagitz egoera txarretan dago (zuloak, putzuak, lokatza, …), eta euria egiten duenean egoera petral hau areagotzen da. Horrelakoetan, frontoian entrenatzea izaten da irtenbide bakarra.


Egoera hau jasanezina zaigulako, eta gure seme alaben motibaziorako, entrenatzeko eta jokatzeko instalazio duin batzuk edukitzearen garrantziaz ohartuta, zuen laguntza eskatzen dugu. Egoera honekin amaitu behar dugu gure herriko haur eta gazteek baldintza egokietan jolastu ahal izateko.


Gure herriaren onerako, guztion lana ezin bertzekoa da futbol zelai egoki bat edukitzeko. Jokalariek disfrutatzeaz gain, guraso eta zaletuek ere goza dezagun. Zuen laguntza beharrezkoa zaigu, denon artean egoera honi aurre egin ahal izateko zuen aletxoa premiazkoa da."

2013(e)ko azaroaren 21(a), osteguna

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA

Ortzileko autodefentsa ikastaroaren kartela
Astelehenean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta hainbat ekimen antolatu dira Beran eta inguruetan. Hasteko, ostiral honetan autodefentsa ikastaroa izanen da Lesakan arratsaldeko 17etatik 21etara, Osasun Etxearen parean dagoen Erabilera Anitzetarako aretoan. Igandean, berriz, elkarretaratzea eginen da Altzateko plazan, eguerdiko ordu batean. Egun berean emanen dute "Alardearen Seme Alabak" dokumentala, Berako Kultur Etxean eta arratsaldeko seiretan. 3 eurotan izanen da sartzeko aukera eta Haur Txoko zerbitzua eskainiko da (948635036 telefonoan izena emanez).

2013(e)ko azaroaren 20(a), asteazkena

"THE BALLADURIANS" TALDEAK KONTZERTUA ESKAINIKO DU ORTZIRALEAN KATAKUN

Kataku Ostatuaren kontzertuetarako ohiturarik ez galtzeko ortziral honetan The Balladurians taldea izanen da gaueko 10.30etan. Bertzalde, joan den igandean Napoka Iriak eskainitako kontzertuak bete egin zuen jada hainbat musika emanaldi bildu dituen herriko gune hau.



Ortzil hontako kontzertuaren kartela


BIOMASA GALDARAREN OBRAK HASIAK DIRA JADA

Duela aste pare bat hasi ziren obrak polikiroldegi atzean.
Biomasa galdarak egiten hasi dira polikiroldegiaren atzean, iazko aurrekontuan onartu zen bezala. Bi galdara hauek egur ezpala erreko dute Toni Ona Institutua eta Polikiroldegia, Mukixu Haur Eskola, Ricargo Baroja Eskola eta Labiaga Ikastola berotu ahal izateko. Bildu udal taldeak adierazi digu bere zalantzak izan dituela hasieratik, hurrengo idazki honen bidez plazaratu nahi izan dituenak:
  
BIOMASA PROIEKTUAREN GAINEAN ZALANTZAK              
Gasoil eta gasezko hainbat galdara biomasazko kalefakzio zentralizatuaz ordezkatzeko proiektua martxan da.  304.000 eurotan esleitu dire lanak eta %50eko dirulaguntza omen dute.  Kiroldegia, toki ona, mukixu haur eskola, rikardo Baroja eta ikastolako kalefakziorako erabiliko da.  Berako Bilduk energía berriztagarrien aldeko apostua beti babestuko du baina proiektu honetan zalantza bat baino gehiago ditugu.
Proiektu honen muina :
Kiroldegi atzean egur ezpala erreko duten bi galdara haundi instalatzea.  Hauek ura berotuko dute eta ur bero hau lurpeko tuberien bidez eramanen da lehen aipatutako eraikinetara bertako kalefakzio zirkuituan erabiltzeko.  
 PROIEKTUAREN ALDE POSITIBOAK
·   Gasoila eta gasa bezalako erregai fosilen ordez, energía berriztagarriak erabiltzea.
·    Mundu mailan espekulazioaren menpe dauden energía iturrien ordez bertan dugun energía bat erabiltzea.
·         Kalefakzio gastua erdira jaustea?
·         Lanpostuak sortzea.
PROIEKTUAREN ALDE  NEGATIBOAK EDO ZALANTZAZKOAK
·   Beran energía berriztagarrietan dabiltzan enpresekin proiektua ez kontrastatu izana.
·         Ur beroa banatzeko zirkuituan izanen diren bero galerak.
·    Eraikinen isolamendu termikoa bermatzearen beharrezkotasuna energia aurreztu eta kontsumo  jasangarri baterako.
·         Egur ezpala pilatzeko eta idortzeko behar den toki handia.
·         Bertako egurrakin ezpala lortzeko inbertsio handia egin beharra.
               
 


2013(e)ko azaroaren 18(a), astelehena

EUSKAL HERRIKO GUTUN SOZIALAREN EZTABAIDA PROZESUA IRITSI DA BAZTAN-BIDASOARA


Gutunaren eztabaidaren zirriborroa

            "Azkeneko kurtsoa eta batez ere pasa den Maiatzaren 30eko Greba Orokorraren lanketan eta baita ondotik ere bukatu genuen erranez Euskal Herrian Eskubide sozialen karta bat egitera gindoazela, eta karta horrek gure estrategia defentsibatik ofentsibara pasatuko zuela.

            Ekainetik gaur egunera arte, hainbat eragile sindikal eta sozial, eta norbanako, karta horren zirriborroa eztabaidatzen egon dira, eta behin zirriborro hori bukatuta, eztabaida prozesua Euskal Herriko eskualde guztietara zabalduko da, denon artean Karta Sozial hori osatzeko.

            Zer da karta soziala eta zertarako balio du? Euskal Herriko karta soziala, bizi dugun krisi egoera honetan, inposatu nahi diguten eredu sozialari aurre egiteko balioko digun tresna garrantzitsuena da. Karta honekin gure alternatiba zein den erabakiko dugu eta hori lortzeko borroka fase bat irekiko dugu. Hau da, gobernuen politika neoliberalen aintzinean, Euskal Herriko herri sektoreak bere proiektu propioa aurkeztuko du, eta klase politikoari argi erranen dio, ez dugula inposatu nahi diguten miseriarik onartuko, eta horren aintzinean Euskal Herriak baduela bere norabide propioa.

            Ez da makala aintzinetik daukagun erronka, baino uste dugu norabide egokian goazela. Urteak pasatu ditugu erranez krisi honi eta politika hauei alternatibak bazeudela erranez, baino ez genuen alternatiba erreal bat adosten jendarte zabala ordezkatzen dugun eragile ezberdinek. Orain ordea horren bidean gaude, benetako alternatiba erreal bat gauzatze bidean eta horrek erronka guzti honi ilusioz ekitea laguntzen digu.

            Ez dugu nahi Euskal Herria Madrilen erabakitzen denaren zain egotea, ondotik guk errateko ez gaudela ados. Madrilgo Gobernuak bere murrizketa eta erreformekin jarraituko du, baino guk Karta Sozialaren bidez, eta honek ematen digun borrokarako gaitasunarekin gure bidean jarraituko dugu, Euskal Herrian gure eredu sozio-ekonomiko propioa lortu arte.

            Erran bezala eztabaida eskualdetara zabaldu egin da, eta prozesu erabat parte-hartzailea egin nahi da, Euskal Herriko, herri, hiri, eta eskualde guztietan. Baztan-Bidasoan ere lan talde bat lanean hasi da, eta prozesu honen oinarriak izanen direnak jartzen hasi da. Oraingoz hiru batzar ireki deituko dira: bat Malerrekan, bertzea Baztanen eta bertze bat Bortzirietan. Batzar ireki hauen helburua planteatzen den zirriborroa eztabaidatzea eta ekarpenak egitea da, bilduko diren ekarpen guztiekin Karta osatzeko.
            Beraz hemendik Baztan-Bidasoako jendarte prozesu honetan parte hartzera deitzen dugu, denon artean ze eredu sozial nahi dugun erabakitzeko. Geroz eta jende gehiago eta sektore ezberdinetakoak bildu hobe, ikuspegi eta ekarpen ezberdinak jasotzeko. Gure etorkizun laburrean izugarrizko garrantzia izanen duen prozesu batez ari gara solasean, eta horregatik denon parte hartzea ezinbertzekoa da, jendarte zabalaren aktibazio sozialak bakarrik aterako baitigu egoera honetatik.

            Hauek dira deialdiak Baztan-Bidasoan: Bortzirietako jendearentzat Azaroak 21 ortzeguna arratsaldeko 7 t'erdietan Berako Beralandetan, Baztango deialdia Azaroak 21 ortzeguna, arratsaldeko 7 t'erdietan Elizondoko Arizkunenean, eta Malerrekako deialdia Azaroak 22 ortzirala arratsaldeko 8tan Erakusketa gelan."


Baztan-Bidasoako Karta Sozialaren sustatzaileak bidalitako prentsa oharra.


2013(e)ko azaroaren 13(a), asteazkena

UPNren JARRERA ONARTEZINA EAJren ABSTENTZIOAREKIN SALATU ZENEKO PLENOA LABUR ETA LASAI JOAN ZEN

Atzoko plenoa, Jon Abril Olaetxea behin behineko alkateak zuzendurik, labur eta lasai joan zen, UPN udal taldeko zinegotziaren faltan. Puntu guztiak onartu ziren, nahiz eta batzuetan osotasunean ez ados egon. 

"Udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautzeko ordenantza hasiera batez onestea" eskatzen zuen puntuan, Bildu udal taldeak abstentzioa iragarri zuen, haren ustez ordenantza berri bat eratzeko prozesuak parte hartzailea izan behar zuelako, batzordean erabakia eta Berako errealitatera egokitua. 

Bertzalde, Bildu udal taldearen proposamenez "Berako UPNren jarrera onartezina" salatzen zueneko puntuan, EAJ udal taldea abstenitu egin zen, haren ustez ez baita beharrezkoa udal organoak zinegotzi baten jarrera onartezina salatzea. Erabaki honetan adostu zen, batetik, UPN udal taldeko zinegotziaren jarrera onartezina denean plenotik botatzea; eta bertzetik udalen konpromezua ezabatua izan zen "Euskal Herria Aitortu Errespetatu" murala berriz egitea ahalbidetzeko eta eskatu litezkeen muralak egiteko baimenak emateko.

Bertzalde, "Epaiketa politikorik ez!" mozioa osotasunean onartu zen, baita EHBilduren proposamenez "Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako" manifestua, Jon Abrilek berak irakurri zuena. 

Plenoak ordu bat iraun zuen eta bortz pertsona zeuden publikoan; Marisol Taberna eta Juan Loza alkatea eta zinegotzia ez ziren bertaratu, lehenengoa oporraldiarengatik eta bigarrenak abisorik eta arrazoirik eman ez zuela.

Gai ordena eta akta hemen egon beharko liratekeen.

PARKEKO EGOERAZ KEZKATUTAKO GUSASOAK

Guraso talde batek eskutitz bat idatzi du parkeko egoerari buruz:

Haur eskola ondoko parkearen egoeraz  kezkaturik gauden  Berako guraso talde bat gara. Azkenaldi honetan egun askotan kolumpioak hautxiak agertzen dira eta egun asko ematen dute  kompondu gabe. Gure ustetan parkeari  aurpegi garbitze bat falta zaio, instalakuntzei margo kapa bat eman eta falta zaien torloio guztiak  bere lekuan jartzea, argi dago hau ez daukala inolako segurtasunik ematen eta  izugarrizko arriskua suposatzen  duela  gure umeentzat.
Gure ustetan txikientzat (0-3 urte) ez dago inolako txirrista zein  kolumpio edo antzekorik nahiz eta hauetako bat jartzeko leku dexente izan parkeko eremuan
Haurrak bere beharrak egiteko egiteko  lekurik ez dago eta askotan Rikardo barojan dauden komunetara ailetzeko denborik ez du ematen,hontaz parke inguruko taberna zein komertzioetara joan behar  dugu nahiz eta  autobus geltoki ondoan komun batzuk egon baina gehienetan itxitak egoten  dira
Gure haurrak kalean jolastea garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zaigu az bakarrik hauen garapenerako baizike eta  Bera herri giro bezala mantentzeko.
Parkea gure seme alaben alderdi fisiko,sozial eta kognitiboa garatzen duten eremua dela uste dugu horregatik parkea ahalik eta egoera hoberenean egotea garrantzitsua del iruditzen zaigu eta  herriko bizitza soziala indartuko du.

Somos un grupo de madres y padres de Bera, preocupados por el estado en el que se encuentran los columpios del parque situado frente a la Haur Eskola.
Por un lado los propios columpios necesitan una mano de pintura y a alguno le faltan tornillos, con lo que lo hace inestable e inseguro. Faltan a nuestro entender algún columpio para los más pequeños (hasta 3 años), habiendo espacio para ponerlo. Los niños necesitan frecuentemente hacer sus necesidades, y no suelen dar tiempo suficiente para llegar a los servicios del Colegio Ricardo Baroja (que no están siempre abiertos) o de alguno de los bares cercanos. Esto es antihigiénico. Además existen ya unos servicios en la parada de autobús cercana, pero nunca están abiertos.
Que nuestros hijos e hijas jueguen en la calle nos parece importante, no sólo para el desarrollo de éstas y éstos, sino también para mantener la vida de Bera como pueblo. Concebimos el parque como un lugar en el que nuestras hijas e hijos se desarrollan física, mental y socialmente. Por eso el que los parques infantiles de Bera estén en óptimas condiciones, no sólo va a mejorar la seguridad de nuestros niños y niñas, sino que ayudará a potenciar la vida social en el pueblo.
A sabiendas de la difícil situación económica del Ayuntamiento, pedimos que se acondicionen los columpios existentes en la plaza enfrente de la Haur-eskola, que se añada algún columpio más dirigido al tramo de 0-3 años y que se abra y mantenga el servicio situado en la parada de autobús cercana.

2013(e)ko azaroaren 12(a), asteartea

BERAKO UDALAK (ARALAR ETA EAJ), BAKETIKEKIN BATERA, ELKARBIZITZA ETA BAKERAKO PROGRAMAREN AURKEZPENA EGINEN DU



Berako udalak bakegintzarako 3.000 euroko diru-laguntza onartu zuen iazko aurrekontuetan. Bakegintzarako gordetako partida hori Jonan Fernandez zuzendaritzat duen Baketik programara bideratzea erabaki zuen Berako udalak, Aralar eta EAJren bozkekin eta Bildu udal taldearen zalantza eta desadostasunaren gainetik. “Hablan los Ojos” dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da programa hau, eta, bertzeak bertze, udaleko zinegotzi eta zinegotzi ohiak pertsonalki eta ez udal talde gisa hartuko dituen eta etikoa izanen den eztabaidak bultzatuko dira, baita ikastetxeetan bakegintza eta etikari buruzko hitzaldiak eskaini.

Bildu udal taldeak, bere aldetik, adierazi du ez duela erabaki honetan parte hartu eta bakegintzarako bertze nolako pausu batzuk eman behar direla, hala nola Udalean eta Herrian bakegintza nola jorratu behar den denen artean eztabaidatu eta erabakitzea eta gatazkaren konponbiderako ezinbertzekoa den udal taldeen arteko lanketa egitea.

2013(e)ko azaroaren 7(a), osteguna

BERAKO DANTZARI ETA MUSIKARI OHIEN LEHENDABIZIKO ENTSEGUA ORTZIRALEAN

Ortziral honetan, Azaroak 8, izanen da Berako Dantzari eta Musikari Ohien lehendabiziko entsegua, arratseko 20tan eztegarako pilotalekuan.

AZAROAREN 12AN JON ABRIL IZANEN DA BEHIN BEHINEKO ALKATE BERAKO OSOKO BILKURAN

Jon Abril aralarko koordinatzaileorde izan zeneko argazkia
Datorren asteartean burutuko da Azaroako ohiko osoko bilkura eta Jon Abril Olaetxea izanen da behin behineko Alkatea, Marisol Taberna Irazoki hilabete honetan oporretan dagoenaren arrazoiz. Bertzeak bertze, Mankomunitateetako estatutuen aldaketak onestuko diren erabakiko da, funtzionarizazio prozesua eman ahal izateko; "Berako liburutegiko lanpostua betetzekoari buruz jarritako administrazioarekiko auziaren epaia" azalduko da, "Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunerako erakunde adierazpenerako proposamena" eginen da eta baita "Euskararen egunaren adierazpena" ere. Bertzalde, bi mozio aurkeztu dire pleno hontarako: "Epaiketa politiko gehiagorik ez!" mozioa eta "Berako UPNren jarrera onartezina" izenburua duena.

Osoko bilkura 19:30tan izanen da Berako Udal Etxeko Pleno Aretoan eta edozein joan daiteke ikustera.

Berako Udaleko ohar taulan egoten dira deialdi osoak.

EUSKARAREN PLAN ESTRATEGIKOAREN AURKEZPENA EGINEN DA OSTIRAL HONETAN BERAN

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak otsailetik ekainera garatu zuen gogoeta prozesuaren ondorioz eratutako Euskaren Plan Estrategikoaren aurkezpena eginen da ortziral honetan Beralandetan, arratsaldeko 18.30etan hasita eta ordu bateko iraupenarekin. Plana 2014 eta 2017 urte artetan jorratuko da eta 100 lagundik gorako parte hartzearekin eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin egindako gogoeta prozesuaren ondorioa izanen da. 

Aurkezpena entzule orori irekia egonen da.

Plan Estrategikoa osorik