2013(e)ko azaroakren 18(a), astelehena

EUSKAL HERRIKO GUTUN SOZIALAREN EZTABAIDA PROZESUA IRITSI DA BAZTAN-BIDASOARA


Gutunaren eztabaidaren zirriborroa

            "Azkeneko kurtsoa eta batez ere pasa den Maiatzaren 30eko Greba Orokorraren lanketan eta baita ondotik ere bukatu genuen erranez Euskal Herrian Eskubide sozialen karta bat egitera gindoazela, eta karta horrek gure estrategia defentsibatik ofentsibara pasatuko zuela.

            Ekainetik gaur egunera arte, hainbat eragile sindikal eta sozial, eta norbanako, karta horren zirriborroa eztabaidatzen egon dira, eta behin zirriborro hori bukatuta, eztabaida prozesua Euskal Herriko eskualde guztietara zabalduko da, denon artean Karta Sozial hori osatzeko.

            Zer da karta soziala eta zertarako balio du? Euskal Herriko karta soziala, bizi dugun krisi egoera honetan, inposatu nahi diguten eredu sozialari aurre egiteko balioko digun tresna garrantzitsuena da. Karta honekin gure alternatiba zein den erabakiko dugu eta hori lortzeko borroka fase bat irekiko dugu. Hau da, gobernuen politika neoliberalen aintzinean, Euskal Herriko herri sektoreak bere proiektu propioa aurkeztuko du, eta klase politikoari argi erranen dio, ez dugula inposatu nahi diguten miseriarik onartuko, eta horren aintzinean Euskal Herriak baduela bere norabide propioa.

            Ez da makala aintzinetik daukagun erronka, baino uste dugu norabide egokian goazela. Urteak pasatu ditugu erranez krisi honi eta politika hauei alternatibak bazeudela erranez, baino ez genuen alternatiba erreal bat adosten jendarte zabala ordezkatzen dugun eragile ezberdinek. Orain ordea horren bidean gaude, benetako alternatiba erreal bat gauzatze bidean eta horrek erronka guzti honi ilusioz ekitea laguntzen digu.

            Ez dugu nahi Euskal Herria Madrilen erabakitzen denaren zain egotea, ondotik guk errateko ez gaudela ados. Madrilgo Gobernuak bere murrizketa eta erreformekin jarraituko du, baino guk Karta Sozialaren bidez, eta honek ematen digun borrokarako gaitasunarekin gure bidean jarraituko dugu, Euskal Herrian gure eredu sozio-ekonomiko propioa lortu arte.

            Erran bezala eztabaida eskualdetara zabaldu egin da, eta prozesu erabat parte-hartzailea egin nahi da, Euskal Herriko, herri, hiri, eta eskualde guztietan. Baztan-Bidasoan ere lan talde bat lanean hasi da, eta prozesu honen oinarriak izanen direnak jartzen hasi da. Oraingoz hiru batzar ireki deituko dira: bat Malerrekan, bertzea Baztanen eta bertze bat Bortzirietan. Batzar ireki hauen helburua planteatzen den zirriborroa eztabaidatzea eta ekarpenak egitea da, bilduko diren ekarpen guztiekin Karta osatzeko.
            Beraz hemendik Baztan-Bidasoako jendarte prozesu honetan parte hartzera deitzen dugu, denon artean ze eredu sozial nahi dugun erabakitzeko. Geroz eta jende gehiago eta sektore ezberdinetakoak bildu hobe, ikuspegi eta ekarpen ezberdinak jasotzeko. Gure etorkizun laburrean izugarrizko garrantzia izanen duen prozesu batez ari gara solasean, eta horregatik denon parte hartzea ezinbertzekoa da, jendarte zabalaren aktibazio sozialak bakarrik aterako baitigu egoera honetatik.

            Hauek dira deialdiak Baztan-Bidasoan: Bortzirietako jendearentzat Azaroak 21 ortzeguna arratsaldeko 7 t'erdietan Berako Beralandetan, Baztango deialdia Azaroak 21 ortzeguna, arratsaldeko 7 t'erdietan Elizondoko Arizkunenean, eta Malerrekako deialdia Azaroak 22 ortzirala arratsaldeko 8tan Erakusketa gelan."


Baztan-Bidasoako Karta Sozialaren sustatzaileak bidalitako prentsa oharra.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina