2014(e)ko irailakren 29(a), astelehena

BEILATOKIA: UDAL TALDEEN ADIERAZPENAK

Irache Tanatorio Taldeak Berako Iturlandeta auzoan beilatoki bat irekitzeko baimena eskatu zuenetik hainbat erantzun eta gertaera eman dire auzokideen, udalaren eta enpresaren artean. Bilerak, eskaerak, sinadura bilketak, eta baita atxiloketa bat ere.

Iturlandetako bizilagun batzuk Berako Bestatan aldarrikapena egiten
Iturlandeta auzokideek idatzi bat egin zuten, haien desadostasuna erakutsiz, beilatokia leku egoki batean aldarrikatuz, udalaren erantzunak erangindako frustrazioa adieraziz eta etxebizitza azpietan beilatokirik ez izateko ordenantzak aldatzea eskatuz, eta idatziarekin ados zeuden 800 herritar ingururen sinadurekin batera aurkeztu zuten udaletxean. Horri erantzunez Berako Udaleko Aralar eta Eaj taldeek Ttipi-Ttapa aldizkariaren 621.alean (9.orrialdea) haien jarrera azaldu nahi izan zuten. Oraingoan Berako Bildu Udal Taldea da adierazpena egin duena, udalaren lanaren kritika argi bat egiten duelarik. Hurrengo idatzia helarazi digute:


BERAKO BILDU UDAL TALDEAREN ADIERAZPENA BEILATOKIARI BURUZ



Berako Bildu Udal Taldeak, Irachek Iturlandeta auzoan Beilatokia irekitzeko asmoa jakin izan genuenetik gaur arte izan diren gertaerei buruz hurrengo adierazpen hauek egin nahi izan ditu, jakinarazteko gure jarrera zein den  Berako herritarrei:



Aintzintik, erran nahiko genuke Berako Bildu Udal taldeak beti adierazi izan duela bere prestutasuna herritarren eskaerak entzun eta hausnartzeko. Udalaren lana da herritarren aldarrikapenak aditzea, gatazkarik balego konponbideak bilatzea eta, adibidez, bitartekaritza lanak egitea gatazka ezin denean udalean ematen ahal diren erabakien bidez konpondu. Are gehiago elkarkidetzaren aldeko diskurtso bat baldin badu.



Horrela, gure desadostasuna adierazi nahiko genuke Berako Udalean erabakiak hartzen dituzten Aralar eta Eaj udal taldeek gai honen aurrean izan duten jarrerarekin eta aferaren kudeaketa moduekin.



Batetik, ez da zilegizkoa, lehendabiziko momentutik, Berako Aralar eta Eaj taldeek Bildu Udal taldeari uko egin izana Iracheren beilatokia Iturlandeta 2ko etxebizitzen azpian jartzeari alternatiba bat bilatzeari, baita planteamenduei buruzko eztabaida bat emateko borondateari.



Bertzetik, eta Berako Udaleko ordezkariek Iturlandeta auzoko bizilagunekin izandako bileran ikusi ziren jarrera eta portaerak kontuan hartuta, ez dugu uste Berako Aralar eta Eaj taldeetako ordezkariek errespetuz eta zentzuz jokatu izan zutenik herritar talde honekin, ezta Bildu Udal taldeko ordezkariekin. Batetik ez dituztelako haien akordio  proposamenak kontuan hartu eta, bertzetik, erantzunetan hartu diren jarrera oldarkorrengatik.



Etxebizitzak dauden bloke baten azpian Beilatoki bat irekitzearekin ados egon ala ez, bloke hortako bizilagun guztietako inork ez badu nahi bertan Beilatokia egin dadin, eskubide osoa dute hori aldarrikatzeko eta alternatibak bilatzeko; eta Berako Udalaren laguntza eskatzen badute, honek posible duen heinean bere prestutasuna adierazi beharko luke gatazka hau konpontzeko eta bere eskuetan dagoena egin, bizikidetzarako ezinbertzekoa den moduan.
 

Erabat legitimoa iruditzen zaigu Iturlandeta auzokideen aldarrikapena, hala nola desobedientzia zibila eta erresistentzia pazifikoa erabiltzea haietan, bide politikoetatik erantzunik eta konponbiderik izateko mekanismoak agortuak direnean.



Etxebizitzen azpian Beilatokiak egitea debekatzen duen ordenantza bat egitea ariketa demokratiko gisa ulertzen dugu, bertzeak bertze 800 herritar baino gehiago baldin badira hori eskatzen ari direnak.



Baita ere, gure ezadostasuna adierazi nahi dugu Albinte Laguntzaileak zehazki Irailak 2 goizean hartutako erabakiekin eta gauzatutako ekintzekin, baita Alkatearen ongi deritzonari buruzko adierazpenekin.  Ez zen beharrezkoa foruzaingoaren interbentzioa eta, ondorioz, udaltzain laguntzaileak foruzaingoa deitu izana. Are gehiago, salatzekoa iruditzen zaigu Albinte laguntzaileak goiz hartan hartu zuen jarrera oldarkorra, atxiloketa bat probokatu izana eta, legitimotasunik gabe, horretan parte hartzea. Horregatik, Udaltzain Laguntzailearen laneko irizpideak argitzeko beharra ikusten dugu.



Bertzalde, Alkateak edota, edozein kasutan gerturatzerik ez badu, bere ordezkoak, presente egon beharko luke horrelako gertaerak ematen direnean, are gehiago herritarrek bere presentzia eskatzen badute.



Beilatoki zerbitzua Berako herriarentzat hagitz garrantzitsua da. Denek jaso dezaketen zerbitzua denez, hausnartze eta eztabaida prozesu bat merezi du eta, zergaitik ez, galdeketa edo partehartze prozesu bat, adibidez erabakitzeko zein nolako zerbitzua izan behar duen, ea lehentasunezkoa den, egokia den zerbitzu publikoa egitea edota eraikin publiko bat ahalbidetzen ahal den zerbitzu hori enpresa pribatu batek eramateko.



Berako Bildu Udal Taldearen aldetik arazo hau moldatzeko aukerak aztertzeko lanean segituko dugula erran nahi dugu. Berako Ủdalan dagoen ordezkaritza ezkertiarra eta abertzalea da gehiengo handi batean, ideologikoki hurbil gauden taldeek osatzen dugun gehiengoak erabakiak hartzea da Berako Udalean erabakiak hartzeko modurik egokiena. Hemendik aurrera eman beharreko pausuak zehaztuko ditugu.



Beran, 2014.eko Irailaren 29an

Berako Bildu Udal Taldea