Atzo arratsaldean Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpenerako deialdia egin zuten Berako Kultur Etxean arlo ezberdinetako hainbat herritarrek. Heldu den ortziralean, martxoak 28, izanen den aurkezpenerako gonbidapena luzatu zuten bertan bildu zirenek. Aurkezpena Beralandetan izanen da, arratsaldeko 19tan, eta herritar guztientzat irekia izanen da.
|
Aurkezpenaren deialdia egin zutenen argazkia |
"Arratsalde on eta eskerrik asko denoi etortzeagatik.
Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian. Garai berri hauek baliatuz,
elkarlanaren ildotik urrats berri eta sakonak egiteko unea dela pentsatzen dugu.
Ezinbertzekoa da elkarrekin aitzinera egitea ziklo berri eta ilusionagarri bat
irekitzeko, eta bide honetan herritarrak protagonista nagusi bilakatu beharko
ditugu.
Hemen elkartu gara eremu, sektore, adin eta sentsibilitate desberdinetako
beratarrak, baina demokratikoa eta unibertsala den eskubide batekiko
atxikimenduak biltzen gaitu: erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua.
Elkarlanean eta auzolanean, aitzinera begira pausoak emateko prest gaude, prest
eta ilusionatuak. Argi ikusten dugulako, orain herritarrek hartu behar dugula
lekukoa.
Gaurko agerraldiaren helburua, datorren martxoaren 28an, 19:00tan, Berako
Beralandetan ‘Gure esku dago’ erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika
zabalaren aurkezpenerako deialdia egitea da. Beratar guztiak gonbidatu nahi
ditugu ekitaldi honetara, bai partehartzaile edo ikusle bezala. Bertan, herriko
biztanle guztiei helarazi nahi genieke gure etorkizunaz erabakitzeko dugun
aukera, beharra eta zilegitasuna.
Ez gara hutsetik abiatzen. ‘Gure esku dago’ dinamika mantsomantso Euskal Herrian zehar hedatzen ari da, 2014ko ekainaren 8a izanen da mugarri. Egun
horretan, Iruñea eta Durango lotuko dituen erabakitzeko eskubidearen aldeko
herritar katea osatuko da, eta Beratarrak ere, han izanen gara.
Eskerrik asko."