2014(e)ko urtarrilakren 24(a), ostirala

BORTZIRIETAKO UDAL ORDEZKARIEK NAFARROAKO GOBERNUARI N-121-A ERREPIDEA EGOKITZEKO NEURRIAK HARTZEA ESKATU DIOTE

Gaur eguerdian Berako Udal Etxean emandako prentsaurrekoan Bortzirietako udal ordezkariek Nafarroako Gobernuari N-121-A errepidean gertatzen diren istripuak murrizteko hainbat neurri hartzea eskatu diote.
Atzo gertatu zen istripuaren ondotik hartutako irudia
Honakoa izan da Udal ordezkariek egindako adierazpena:

N-121-A errepidearen segurtasuna bermatzeko eskaria Nafarroako Gobernuari

N-121-A errepidean izandako azken istripuak aitzakia, Eskualdeko Udaletako ordezkariak elkartu gara urgentziazko agerraldi honetan Nafarroako Gobernuari eskatzeko normaltasunetik urruti gertatzen diren istripu kopuru altu eta larri hauen aurrean behingoagatik neurri eraginkorrak hartu ditzan.

Lehenik eta behin, azterketa bat gauzatzea errepide honetan jada identifikatuak dauden puntu arriskutsuetako lurzoruei eta istripuetan eragiten duten hainbat faktoreei dagokienean.

Ezinbertzekoz, errepideetako segurtasuna bermatzeko lan egin beharko luketeen eta Nafarroako gobernuaren eskumenetan dauden organoek lehentasuna ematea istripuak eragiten dituzten faktoreei, berexiki kamioien abiadura mugak ez errespetatzearen eta honek ekartzen dituen ondorioen aferari.

Nafarroako Gobernuak erantzunkizuna eta konpromezua hartzea, etorkizun hurbil batean, errepide honek eragiten dituen istripu larriak murriztu eta orokorrean errepidearen egoera eskualdeak merezi duen modura egokitzeko, horretarako behar diren neurriak hartuz.

Gure eskualdeko eta gure eskualdetik pasatu behar duten herritarren eskubideen eta segurtasunaren bermatzearen beharrezkotasuna irizpide, Bortzirietako Udal ordezkariek Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu honako neurriak hartu ditzan, lehen bait len:

-         N-121-A errepideko Zalaingo zatian azterketa sakona egitea, ikusita lurzoruan begi bistakoa den arazo bat dagoela maiz gertatzen diren istripu larriak arrazoitzat hartuta.
-         Abiadura mugak murriztu eta muga hauen errespetatzea bermatzea.
-         Istripuak eragin ditzaketen faktoreak identifikatu eta hauek murrizteko neurriak hartzea.

Beran, 2014.eko urtarrilaren 24an, Bortzirietako Udal ordezkariak

2014(e)ko urtarrilakren 23(a), osteguna

KAXERNA GAZTETXEKO BILERAK

Kaxerna Gaztetxeak jakinarazi digu heldu den astetik aintzinera bilerak asteazkenetan eginen direla, ilunabarreko 7tan hasita.

2014(e)ko urtarrilakren 14(a), asteartea

ALKAIAGAKO TUNELA ITXIKO DA

Asteazken eta ortzegun arratsetan Alkaiagako tunela itxia egonen da, N-121-A errepidean, argiteriaren manteinua egiteko eta, ondorioz, trafikoa Beratik desbideratuko da, Errepideen Kontserbazio Zerbitzuak erran dutenaren arabera.

GAUR IZANEN DA URTEKO LEHENDABIZIKO OSOKO BILKURA

Gaur arratsaldeko 19.30etan izanen da Berako Udalaren urteko lehendabiziko osoko bilkura. Gai ordena udalaren webgunean dago eskuragai eta edozein joan daiteke ikustera.  

2014(e)ko urtarrilakren 10(a), ostirala

UPNKO ZINEGOTZIAREN AURKAKO EPAIKETA UDALETXEAN

Datorren ortzegunean, urtarrilak 16, Juan Losa UPN taldeko zinegotziak "Euskal Herria Aitortu Errespetatu" lelopean eta baimen guztiekin 2004.urtean egindako murala ezabatzeagatik Berako Udalak jarritako salaketa argitzeko epaiketa burutuko da, Berako Herriko Etxeko bilera gelan goizeko 11.30etan. Edozein joan daiteke epaiketa publiko honetara.
Testigu batzuk hartutako argazkia

MANTTALEREN MENDI EGUNA IZANEN DA LARUNBATEAN

Larunbat honetan, Urtarrilak 11, Mendi Eguna antolatu du Manttale taldeak. Goizean goiz eskalada tailerra izanen da Xanti Susperregirekin, 9.30etan. Santa Barbarara ibilaldi gidatua eginen da eguerdiko 14.30etan Kiroldegitik hasita eta haurrentzako lasterketak izanen dire 14.45etatik antziñera. 15.30etan, berriz, binakako kronoigoera eginen da eta eguna bukatzeko "Agerratik Himalayara" dokumentala emanen da Kultur Etxean.

Dokumental honek Berako mendi taldeko hainbat momentu gogoragarrienak berrikusten ditu. Testigantza, bideo eta argazkien bidez, Agerratik Himalayarak talde honen lehenengo pausuak gogora ekartzen ditu, Pirineoetara irteerak, Alpeetara bidaiak, Kilimanjarora joan zen lehenengo expedizioa, peruko Huascaraneko abentura, Gasherbrum II-an egindako gailurra eta Shisha Pangman bizitutako arrakastarik gabeko saiakerak.
Mendi Eguneko egitaraua erakusten duen kartela

2014(e)ko urtarrilakren 3(a), ostirala

BORTZIRIETAKO TALDEKAKO BERTSO TXAPELKETA BERAN

Joan den abenduaren 29an hasi zen XV. Bortzirietako Taldekako Bertso Txapelketa eta ortziral honetan izanen da urtero ohikoa den Berako saioa. Aurtengoan Berako bi taldek kantatuko dute, arratseko 10.30etan eta Kataku Ostatuan: Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Jokin Pinatxok osatuko dute talde bat eta Asier Saragueta, Anjeltxo Aranibar eta Julen Zelaietak bertzea.

Aurtengo kartela
Urtarrilaren 4an jokatuko dira gainerako saio guziak Lesakan. Larunbat arratsaldeko 3etan, Teleboten ariko dira Xabier Silveira, Iñigo Olaetxea eta Ioar Tainta alde batetik eta Malerrekako taldea bertzetik (Iker eta Egoitz Gorosterrazu anaiak eta Ander Fuentes “Itturri”). Arratsaldeko 4:30ean Koxkilan ariko dira Eneko Fernandez eta Juan Mari eta Maialen Lopez aita-alabak Baztango taldearen kontra (Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Xabi Maia).

Ondotik, finalerdian txanda etorriko da. 18:00etan Txarutan jokatuko dute lehenbizikoa Berako saioko irabazleek Iban Garro, Josu Sanjurjo eta Xabier Terrerosen kontra eta bigarrena 19:00etan Zialdon izanen dute, Teleboteko irabazleek Koxkilako irabazleen kontra.
Finala Arranon jokatuko da. 21:00etan afaria eginen da eta ondotik finala. Afarirako txartelak 15 eurotan eros daitezke. Izena emateko bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 618963011 telefonora deitu behar da.