2015(e)ko apirilakren 8(a), asteazkena

EHBILDU: ARGAZKIA ETA TRIKI POTEOA

Berako EHBILDU hurrengo udal hauteskundeetarako prestaketa lanetan dabil. Hainbat batzar egin dituzte jada, gai ezberdinei buruzkoak (Euskara, Kultura, Mendia, Ingurugiroa...); baita zerrenda eta programa prestatzekoak ere.

Larunbat honetarako bertze hitzordu bat prestatu dute, haien proiektuarekin bat datorren guztiarentzat.  

Merkaturako plazan izanen da, arratsaldeko 17tan, argazkia ateratzeko hitzordua, eta ondotik triki poteoa.

Partehartzea sustatzeko asmoz batzordeak indartzea proposatzen da EHBILDUtik, hala nola, zerrendetan eta hauteskunde lantaldeetan egon ez den baina haien proiektuarekin bat dagoen jendea elkartzera animatzea.

Erran bezala, EHBILDUk deialdia luzatzen du larunbatean argazkira eta triki poteora herritarrak animatu daitezen. 

Berako EHBILDUren leloa: "Bera eginez hari gara"

2015(e)ko otsailakren 18(a), asteazkena

BAKEA ETA BIZIKIDETZA

Ortzegunean hasiko dire Berako Udalak Baketikekin adostutako bakegintzari buruzko jardunaldiak. Lehendabiziko egunerako Paco Etxeberriaren eskutik "Egia, justizia eta erreparazioa" izenburua duen hitzaldia entzungai izanen da, arratsaldeko 19tan Beralandetan. "Iragana, oraina eta etorkizuna" landu nahi izanen dire jardunaldi honetan, herritarrekin harremanetan. "Auzolanean bakea eraikitzen" lelopean, solasaldi ziklo honek bakegintzaren aldeko lanketa gizarteratu nahi du Beran. 

Hurrengo ortzegunean, Otsailak 26, Bakegintzaren ikuspuntu ezberdinak aditzera emanen dire. Batetik, herrian bakegintzaren inguruan lanean ari den Iker Uson solastuko da, Baketiken izenean; Aitziber Blancok Foro Sozialaren ikuspegia aurkeztuko digu bertzetik. 

Etorkizuneko bizikidetza lantzeko, "herritarren partaidetzarekin, etorkizunaren inguruan hausnarketa partekatua egiteko ekimena" burutuko da azkenik Martxoaren 5ean, Open Space dimamikarekin.

Ekimen hauek Berako Udalaren bakegintza planaren baitan kokatzen dire.





2015(e)ko otsailakren 2(a), astelehena

KORRIKA 2015: BILERA

Martxoaren 19tik 29ra Euskal Herriari buelta emanen dio aurtengo Korrikak euskararen alde, 19. aldiz. Hilaren 21an pasatuko da Beratik, aurtengoan bi aldiz gainera. Urepeletik Bilborako ibilbidea jada argitaratua dago. Bi urtetik behin egiten den proiektu honi Berako herriak egin beharreko ekarpenari buruzko bilera asteazken honetan izanen da, arratsaldeko 18.30etan Beralandetan. Ezinbertzekoa da herritarren laguntza Korrika posible egiteko, beraz, parte hartu nahi duen eragile eta norbanako orori gonbidapena luzatzen zaie.
 
"Euskahaldun!", 19.Korrika leloa.
EGIN ZAITEZ KORRIKA LAGUNTZAILE
 
12 euroren truke korrika laguntzaile egin zaitezke, ikusi hemen nola egin. Ekarpen ekonomiko honen truke hainbat establezimendu ezberdinetan deskontuak eskaintzen dituzte, korrika txartela erakutsiz gero. Hona hemen leku horien katalogoa.

2015(e)ko urtarrilakren 28(a), asteazkena

JUAN LOSA ETA FORALEN MEHATXUA

Juan Losa UPNko zinegotziak behin baino gehiagotan adierazi izan du Kaxerna Gaztetxearen segurtasun neurriei buruzko interesa, hala nola Gaztetxea hustutzeko ahalegina. 

Ortziral honetan Kaxerna Gaztetxean egiteko antolatuak zeuden kontzertuak zirela medio, Polizia Foralaren joku eta espektakuluen brigadak Kaxerna Gaztetxeko kide bat deitu zuen atzo goizean, adieraziz segurtasun neurriak errebisatzera agertu zitezkeela. 

Arratsaldean Berako Udaleko Alkatea eta talde bereko zinegotzi bat Kaxernara hurbildu ziren, eta haien babesa eskaini zuten, horren adierazgarri izanik udal eraikin bat kontzertu horietarako uztea.

Kontuan hartu behar da Udalak egindako zesio baten bidez duela Gazte Asanbladak Kaxernako eraikina okupatua. 

Gaztetxeko kideek atzoko bileran erabaki zuten, kontzertuak bezalako ekitaldiak antolatu ahal izateko segurtasun neurriak betetzen direla bermatu artean, ez zirela arriskatuko halakorik gauzatzera.

Gaur haien blogean argitaratutako adierazpenean gertaera hauek Juan Losaren gaztetxearen aurkako eraso bat direla adierazten dute, eta "bere aitzakiak agortu artean" Udalaren eraikin publikoak erabiliko dituztela kontzertuak antolatzeko. Beraz, ortziral honetarako aurreikusiak zeuden Kolpatu eta Bip taldeen kontzertuek "eraso berri hau salatzen lagunduko dutelakoan", Kaxerna Gaztetxean izan beharrean Beralandetan izanen dute lekua, 22.30etatik antzinera. 
Ortziralerako antolatuak zeuden kontzertuak iragartzen dituen kartela; azkenean Beralandetan eginen dire.