Gutunaren eztabaidaren zirriborroa
"Azkeneko kurtsoa eta batez ere pasa
den Maiatzaren 30eko Greba Orokorraren lanketan eta baita ondotik ere bukatu
genuen erranez Euskal Herrian Eskubide sozialen karta bat egitera gindoazela,
eta karta horrek gure estrategia defentsibatik ofentsibara pasatuko zuela.
Ekainetik gaur egunera arte, hainbat
eragile sindikal eta sozial, eta norbanako, karta horren zirriborroa
eztabaidatzen egon dira, eta behin zirriborro hori bukatuta, eztabaida prozesua
Euskal Herriko eskualde guztietara zabalduko da, denon artean Karta Sozial hori
osatzeko.
Zer da karta soziala eta zertarako
balio du? Euskal Herriko karta soziala, bizi dugun krisi egoera honetan,
inposatu nahi diguten eredu sozialari aurre egiteko balioko digun tresna
garrantzitsuena da. Karta honekin gure alternatiba zein den erabakiko dugu eta
hori lortzeko borroka fase bat irekiko dugu. Hau da, gobernuen politika
neoliberalen aintzinean, Euskal Herriko herri sektoreak bere proiektu propioa
aurkeztuko du, eta klase politikoari argi erranen dio, ez dugula inposatu nahi
diguten miseriarik onartuko, eta horren aintzinean Euskal Herriak baduela bere
norabide propioa.
Ez da makala aintzinetik daukagun
erronka, baino uste dugu norabide egokian goazela. Urteak pasatu ditugu erranez
krisi honi eta politika hauei alternatibak bazeudela erranez, baino ez genuen
alternatiba erreal bat adosten jendarte zabala ordezkatzen dugun eragile
ezberdinek. Orain ordea horren bidean gaude, benetako alternatiba erreal bat
gauzatze bidean eta horrek erronka guzti honi ilusioz ekitea laguntzen digu.
Ez dugu nahi Euskal Herria Madrilen
erabakitzen denaren zain egotea, ondotik guk errateko ez gaudela ados. Madrilgo
Gobernuak bere murrizketa eta erreformekin jarraituko du, baino guk Karta
Sozialaren bidez, eta honek ematen digun borrokarako gaitasunarekin gure bidean
jarraituko dugu, Euskal Herrian gure eredu sozio-ekonomiko propioa lortu arte.
Erran bezala eztabaida eskualdetara
zabaldu egin da, eta prozesu erabat parte-hartzailea egin nahi da, Euskal
Herriko, herri, hiri, eta eskualde guztietan. Baztan-Bidasoan ere lan talde bat
lanean hasi da, eta prozesu honen oinarriak izanen direnak jartzen hasi da.
Oraingoz hiru batzar ireki deituko dira: bat Malerrekan, bertzea Baztanen eta
bertze bat Bortzirietan. Batzar ireki hauen helburua planteatzen den
zirriborroa eztabaidatzea eta ekarpenak egitea da, bilduko diren ekarpen
guztiekin Karta osatzeko.
Beraz hemendik Baztan-Bidasoako
jendarte prozesu honetan parte hartzera deitzen dugu, denon artean ze eredu
sozial nahi dugun erabakitzeko. Geroz eta jende gehiago eta sektore
ezberdinetakoak bildu hobe, ikuspegi eta ekarpen ezberdinak jasotzeko. Gure
etorkizun laburrean izugarrizko garrantzia izanen duen prozesu batez ari gara
solasean, eta horregatik denon parte hartzea ezinbertzekoa da, jendarte
zabalaren aktibazio sozialak bakarrik aterako baitigu egoera honetatik.
Hauek dira deialdiak
Baztan-Bidasoan: Bortzirietako jendearentzat Azaroak 21 ortzeguna arratsaldeko
7 t'erdietan Berako Beralandetan, Baztango deialdia Azaroak 21 ortzeguna,
arratsaldeko 7 t'erdietan Elizondoko Arizkunenean, eta Malerrekako deialdia
Azaroak 22 ortzirala arratsaldeko 8tan Erakusketa gelan."
Baztan-Bidasoako
Karta Sozialaren sustatzaileak bidalitako prentsa oharra.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina