Berako Bestatako Egitarauaren Azalean agertuko den irudia aukeratzeko egiten den lehiaketa hasia da jada. Irudiak aurkezteko epea ekainaren 27rarte dago irekia eta oinarriak argitaratuak daude www.berakoagenda.net webgunean. Bertzeak bertze, irudia paperean aurkeztu beharko da eta 18 x 27 zentimetro neurtu beharko ditu, euskarri gogor batean eman behar delarik. Saria bakarrari emanen zaio, eta 400 euroko eskupekoaz gain, irabazlearen lana 2014. Berako Bestatako Egitarauaren azalean agertzea da irabazteko dagoena.
Joan den urteko Egitarauaren azaleko irudia, Argi Agarak egina. |
Bertzalde, Bestatako egitarauarekin batera datorren "Berako Oihua" aldizkarian lanak aurkezteko epea ere irekia dago, ekainaren 27rarte baita ere. Idatziak edozein gaiei buruzkoak izan daitezke, betiere Berako herriarekin harremanik badu; luzeerak gehienez ere bi orrialdekoa izan beharko luke eta edozein irudi edo argazki atxikitzen ahal zaie. Lanak posta elektronikoz bidali beharko dira kultura@berakoudala.net helbide elektronikora, baina badago zuzenean Kultur Etxera eramiteko aukera ere, euskarri digitalean.
Berako Udalak testuak euskaraz idaztera animatzen ditu herritarrak, eta jakinarazten du, izazlan guztiak sartzeko lekurik izan ezean, euskaraz idatzitakoek lehentasuna izanen dutela.
Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria eman beharko dira, eta aldizkarian izena agertuko da nahitaez, goitizenak ere gehitzen ahal direlarik, baita elkarte edo erakunde baten izena ere, haien ordezkaritzan idazten den kasuan.
Ez da onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo irain dezakeen testurik, eta Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak testu horiek baztertzeko eskumen osoa izanen dute. Bi erakunde hauek ez dute zertan bat etorri Berako Oihuan argitaratutako iritziekin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina