2014(e)ko abenduaren 12(a), ostirala

KONTZERTUA KATAKUN: AGUXTIN ALKHAT ETA MAHUMAK

Larunbat honetan izanen da, abenduak 13, Aguxtin Alkhaten kontzertua aditzeko aukera, Mahumak taldeak lagundurik. Informazio gehiago katakuostatua.blogspot.com.es gunean.

kontzertuaren kartela
"Aguxtin Alkhatek, etorkizun arrunt aitzin markatua ukan lezake euskal musikaren paisaian eta berezikiago belaunaldiz belaunaldi songwriting folk-trad lurraldea den Iparraldean. Inahala hirukotearekin hasi bada ere musikagile-kantari gisa, heletarrak geroztik, ohidurazko eskema utzia du eta herrialde elektrikoagoen bisitatzera abiatua da bakarka. Boz hauskorra baina beti trinkoarekin, testu aldi berean intimoak eta unibertsalak eta noizbehinka 70 urteetako US rock eszenara ekartzen gaituzten eraginekin. Orai ikus dezakegu, Willis Drummond-eko bi musikari , Xan Bidegain ta Félix Buff, eta Sister Simone and the Holly Balls-eko  Julien Labat gitarristarekin osaturiko formakuntzan. Diska berriaren grabaketaren ondoren lehenbiziko kontzertua izango dute Katakukoa, abestiak labetik atera-berritan dastatzeko aukera beraz."

MaHumaK duela 30 urte sortu zen ipar euskal herrian. Taldea diskretua egon bada ere, entzun dutenen artean ospe handia du. Sorkuntzak eta zuzenekoen plazer handiak  hazten ditu taldekideak. Indie rock eta british new-wave artean kokatuz, post punk talde honek musika sakona jotzen du, John Corfield kantariaren hitz pertsonal eta unkigarriek lagundurik.  

2014(e)ko abenduaren 11(a), osteguna

EHBILDU: ABENDUAK 13KO BATZARRA

Berako herrian EHBILDU sortzeko asmoz larunbat honetan lehendabiziko batzar irekia ospatuko denaren berri eman digute ondoko gonbidapenaren bidez: 

"Larunbata honetan, abenduak 13, Berako EH bildu  martxan jartzeko batzar irekia egingo da. Bertan, Nafarroako EH bilduko lehendakari den Adolfo Araiz egongo da eta honako gaiak landuko dira:


- Nafarroako egoera politikoa
- Berako EH bildun hauteskundeetarako plangintza


Beralandeta izanen da hitzordua, eguerdiko 12etan."

Adierazi digutenez, "Berako jendarte zabalak hauteskundeetarako lanketan parte hartzea" da helburuetako bat, "batzarren bidez programa landu eta zerrendak erabakitzeko". Hauteskunde lantalde bat eratzea da asmoa, "herritarren gehiengoa ordezkatzeko aukera" argi bat dagoela ikusirik. Eragile zein norbanakoen ekarpenak jasotzeko ideia argi batekin, gonbidapenak luzatzen ari dire herritarren artean. 

  




2014(e)ko urriaren 2(a), osteguna

"BAROJATARREN SORGINAK" SOLASALDIA KORO IRAZOKI ETA JUAINAS PAUL ARZAKEKIN

Goyaren "Las Brujas" marrazkia,
Julio Caro Barojaren
"Las Brujas y su Mundo"
liburuaren tapa izan zena. 
Bihar, urriaren 3an, ortzirala, solasaldia izanen da Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurrena dela eta antolatu den zikloaren barruan. Hirugarrena da solasaldi hau eta euskeraz izanen da. Koro Iratzoki eta Juainas Paul Arzak izanen dire solaskide. Laugarren eta azken solasaldia urriaren 17an izanen da, hainbat herritarren testigantzekin. Biak Beralandetan izanen dire, arratsaldeko 19.30etan. Informazio gehiago Berakoagendan.


2014(e)ko urriaren 1(a), asteazkena

URRIA BERTSOZ: GARAI HURA GARA ETA ENAITZEN ALDEKO AFARIA

Irailaren 18an Lankuk egin zuen aurkezpenean, Egaña eta Lizaso
Berako bertsozaleentzat agenda erakargarria dakarkigu Urriak. Larunbata honetan, Urriak 4, Berako Euskara Batzordeak urtero antolatzen duen bertso jaialdiaren txanda izanen da. Aurtengoan GARAI HURA GARA ikuskizuna eskaintzea erabaki da. Erran beharra dago ikuskizun honen estreinaldia izanen dela gurean. Andoni Egañak Fernando Amezketarra gogoraraziko digu, hala nola XVIII. eta XIX.mendeetako kultura; Xabier Lizasoren pianoan Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika entzungai. Ekitaldia arratsaldeko 19.30etan izanen da Berako Kultur Etxean.

Bertzalde, eta Urriaren 11an, Enaitz laguntzeko bertso afaria izanen da Zubiondo jatetxean, Amets Arzallus eta Iker Zubeldiarekin. Sari erakargarri batzuen zozketa eginen da bertan. 

2014(e)ko irailaren 29(a), astelehena

BEILATOKIA: UDAL TALDEEN ADIERAZPENAK

Irache Tanatorio Taldeak Berako Iturlandeta auzoan beilatoki bat irekitzeko baimena eskatu zuenetik hainbat erantzun eta gertaera eman dire auzokideen, udalaren eta enpresaren artean. Bilerak, eskaerak, sinadura bilketak, eta baita atxiloketa bat ere.

Iturlandetako bizilagun batzuk Berako Bestatan aldarrikapena egiten
Iturlandeta auzokideek idatzi bat egin zuten, haien desadostasuna erakutsiz, beilatokia leku egoki batean aldarrikatuz, udalaren erantzunak erangindako frustrazioa adieraziz eta etxebizitza azpietan beilatokirik ez izateko ordenantzak aldatzea eskatuz, eta idatziarekin ados zeuden 800 herritar ingururen sinadurekin batera aurkeztu zuten udaletxean. Horri erantzunez Berako Udaleko Aralar eta Eaj taldeek Ttipi-Ttapa aldizkariaren 621.alean (9.orrialdea) haien jarrera azaldu nahi izan zuten. Oraingoan Berako Bildu Udal Taldea da adierazpena egin duena, udalaren lanaren kritika argi bat egiten duelarik. Hurrengo idatzia helarazi digute:


BERAKO BILDU UDAL TALDEAREN ADIERAZPENA BEILATOKIARI BURUZ



Berako Bildu Udal Taldeak, Irachek Iturlandeta auzoan Beilatokia irekitzeko asmoa jakin izan genuenetik gaur arte izan diren gertaerei buruz hurrengo adierazpen hauek egin nahi izan ditu, jakinarazteko gure jarrera zein den  Berako herritarrei:



Aintzintik, erran nahiko genuke Berako Bildu Udal taldeak beti adierazi izan duela bere prestutasuna herritarren eskaerak entzun eta hausnartzeko. Udalaren lana da herritarren aldarrikapenak aditzea, gatazkarik balego konponbideak bilatzea eta, adibidez, bitartekaritza lanak egitea gatazka ezin denean udalean ematen ahal diren erabakien bidez konpondu. Are gehiago elkarkidetzaren aldeko diskurtso bat baldin badu.



Horrela, gure desadostasuna adierazi nahiko genuke Berako Udalean erabakiak hartzen dituzten Aralar eta Eaj udal taldeek gai honen aurrean izan duten jarrerarekin eta aferaren kudeaketa moduekin.



Batetik, ez da zilegizkoa, lehendabiziko momentutik, Berako Aralar eta Eaj taldeek Bildu Udal taldeari uko egin izana Iracheren beilatokia Iturlandeta 2ko etxebizitzen azpian jartzeari alternatiba bat bilatzeari, baita planteamenduei buruzko eztabaida bat emateko borondateari.



Bertzetik, eta Berako Udaleko ordezkariek Iturlandeta auzoko bizilagunekin izandako bileran ikusi ziren jarrera eta portaerak kontuan hartuta, ez dugu uste Berako Aralar eta Eaj taldeetako ordezkariek errespetuz eta zentzuz jokatu izan zutenik herritar talde honekin, ezta Bildu Udal taldeko ordezkariekin. Batetik ez dituztelako haien akordio  proposamenak kontuan hartu eta, bertzetik, erantzunetan hartu diren jarrera oldarkorrengatik.



Etxebizitzak dauden bloke baten azpian Beilatoki bat irekitzearekin ados egon ala ez, bloke hortako bizilagun guztietako inork ez badu nahi bertan Beilatokia egin dadin, eskubide osoa dute hori aldarrikatzeko eta alternatibak bilatzeko; eta Berako Udalaren laguntza eskatzen badute, honek posible duen heinean bere prestutasuna adierazi beharko luke gatazka hau konpontzeko eta bere eskuetan dagoena egin, bizikidetzarako ezinbertzekoa den moduan.
 

Erabat legitimoa iruditzen zaigu Iturlandeta auzokideen aldarrikapena, hala nola desobedientzia zibila eta erresistentzia pazifikoa erabiltzea haietan, bide politikoetatik erantzunik eta konponbiderik izateko mekanismoak agortuak direnean.



Etxebizitzen azpian Beilatokiak egitea debekatzen duen ordenantza bat egitea ariketa demokratiko gisa ulertzen dugu, bertzeak bertze 800 herritar baino gehiago baldin badira hori eskatzen ari direnak.



Baita ere, gure ezadostasuna adierazi nahi dugu Albinte Laguntzaileak zehazki Irailak 2 goizean hartutako erabakiekin eta gauzatutako ekintzekin, baita Alkatearen ongi deritzonari buruzko adierazpenekin.  Ez zen beharrezkoa foruzaingoaren interbentzioa eta, ondorioz, udaltzain laguntzaileak foruzaingoa deitu izana. Are gehiago, salatzekoa iruditzen zaigu Albinte laguntzaileak goiz hartan hartu zuen jarrera oldarkorra, atxiloketa bat probokatu izana eta, legitimotasunik gabe, horretan parte hartzea. Horregatik, Udaltzain Laguntzailearen laneko irizpideak argitzeko beharra ikusten dugu.



Bertzalde, Alkateak edota, edozein kasutan gerturatzerik ez badu, bere ordezkoak, presente egon beharko luke horrelako gertaerak ematen direnean, are gehiago herritarrek bere presentzia eskatzen badute.



Beilatoki zerbitzua Berako herriarentzat hagitz garrantzitsua da. Denek jaso dezaketen zerbitzua denez, hausnartze eta eztabaida prozesu bat merezi du eta, zergaitik ez, galdeketa edo partehartze prozesu bat, adibidez erabakitzeko zein nolako zerbitzua izan behar duen, ea lehentasunezkoa den, egokia den zerbitzu publikoa egitea edota eraikin publiko bat ahalbidetzen ahal den zerbitzu hori enpresa pribatu batek eramateko.



Berako Bildu Udal Taldearen aldetik arazo hau moldatzeko aukerak aztertzeko lanean segituko dugula erran nahi dugu. Berako Ủdalan dagoen ordezkaritza ezkertiarra eta abertzalea da gehiengo handi batean, ideologikoki hurbil gauden taldeek osatzen dugun gehiengoak erabakiak hartzea da Berako Udalean erabakiak hartzeko modurik egokiena. Hemendik aurrera eman beharreko pausuak zehaztuko ditugu.



Beran, 2014.eko Irailaren 29an

Berako Bildu Udal Taldea

2014(e)ko uztailaren 23(a), asteazkena

BERAKO BESTAK

Aurtengo Bestatako Programaren Azala,
Unai Ruiz Galarzarena
Jada inprentan dago Berako Bestatako egitaraua, Unai Ruiz Galarzaren marrazki irabazlea azalean duelarik.

Aurtengo berrikuntzen artean, dataren aldaketa da adierazgarriena. Abuztuaren 1a ortzila denez, egun bat lehenago bukatuko dire bestak aurten, abuztuaren 5ean alegia. Aipatzekoa da, bertzalde, Herri Bazkaria abuztuaren 2an eginen dela, eta Herriko Etxeko Plazan. Aurten Besta Batzordetik Herri Bazkari Batzordea sortu da, non bazkarirako behar izan direnak antolatu diren. 

Migatturik ez baina Su Artifizialak izanen dire abuztuaren 3ko gauerdian; eta aurtengo ekitaldi berri gisa Idi Probak aipatzekoak dire Matzadan abuztuaren 5 arratsaldean.



Bertzalde, eta egitarau ofizialetik kanpo, urtero larunbatean eginen den Preso eta Iheslarien Eskubideen Aldeko Kalejira Herrikoia arratsaldeko 18.30etan abiatuko da Mukixu zubitik Altzateko Plazara. 

Berako Agendan xehetasun gehiago.



2014(e)ko uztailaren 8(a), asteartea

3X3 SASKIBALOI TXAPELKETA SOLIDARIOA

Kartela xehetasunekin
Uztailaren 26 eta 27 egunetan izanen da, Enaitzen aldeko lehendabiziko 3x3 Saskibaloi Txapelketa Solidarioa. Antolatzaileen erranetan, "helburua saskibaloia herrian zabaltzea eta herrikoen artean elkarbanatzea da"; horretaz gain, partehartzeekin lortutako dirua "Enaitzek behar dituen tratamendu eta beharrentzat izango da" osotasunean.

Egitarauari dagokionez, larunbatean kuadrilen txapelketa ospatuko da. Bertan, 16 urtetik gorako 3 edo 4 pertsonez osatutako taldeak aurkeztu daitezke; haietatik bakarra izan daiteke federatua. 

Igandean, berriz, "Eliteen" txapelketa izanen da. Bertan federatuak nahi adina aurkeztu daitezke eta kategoria ezberdinak izanen dira, bata neskentzat eta bertzea mutilentzat.

Sariak izanen direla iragarri dute, nahiz eta ez den dirurik emanen. Saria talde irabazlearentzat izateaz gainera, talde originalenarentzat ere izanen da, baita "Sari Sorpresa" bat ere.

Izena emateko epea uztailaren 24rarte dago irekita eta 5€ko laguntza eman beharko da pertsonako (Errekalde, Xuga eta Kataku ostatuetan Beran eta Etxeberria ostatuan Lesakan).

Ekitaldia iragartzeko egindako bideoa:









2014(e)ko ekainaren 24(a), asteartea

KAXERNA GAZTETXEAREN FUNTZIONAMENDU EZTABAIDA

Asteazkenero Kaxerna Gaztetxean egiten den bileretako hurrengoa ez da ohikoa izanen. Kaxerna gaztetxekoek bilera berexi bat deitu dute, bertako funtzionamenduari buruzko eztabaida bat garatzeko asmoz. Egindako deialdian aipatzen den bezala, aspalditik omen dabiltza "prozesu hau ireki nahian eta orain momentu egokia dela" iruditzen zaie. Bilera dialdia herritar guztiengana zabaldu dute eta bertan "beratarron gaztetxea nolakoa izatean nahi dugun" erabakitzea izanen da helburua. 

Eztabaidaren dinamika talde txikietan emanen da, "ahalik eta aberasgarrien atera dadin", eta bukaeran ondorioak taldean uztartuko dire. 


Denon iritziak beharrezkoak direla aldarrikatuta, asteazken honetan, ekainak 25, arratsaldeko 19etan Kaxerna Gaztetxera agertzera animatzen dituzte herritarrak.





2014(e)ko ekainaren 4(a), asteazkena

AHOTSA.INFO PROIEKTUAREN AURKEZPENA

Ahotsa.info herri mugimenduko proiektu komunikatiboaren berri emateko, ortziral honetan, arratsaldeko 20.30etan, aurkezpen bat eginen dute Kataku Ostatuan atariaren kudeatzaileek. Herri mailako komunikabideek duten garrantziaz jabetzeko aukera izanen da beraz.   
Auzolan komunikatiboari ekiteko gonbitea egiten da ortzileko aurkezpenaren kartelean.

PIPI FEST

Larunbat honetan, ekainak 7, Kaxerna gaztetxean besta bat izanen da bertan egiten ari diren "Bowl"a eraikitzen laguntzeko. Enaitz Egunerako antolatuak diren ekintzen ondotik, ilunabarreko 20etan, FUNBOX FACTORY bizikleta exibizioa eginen dute. Bitartean, jan eta edateko aukera izanen da 22.30etan kontzertuak hasiko diren arte. MUXU BELTZA (Brutal Punk Rock in your balls) taldearekin hasiko da zuzeneko musika, gero IZEBERG taldeak bere Azalera diska aurkeztuko du eta bukatzeko MOI MOI DJ SET soinu dantzagarriak izanen dire. 
Pipi fest iragartzen duen kartela

EKAINEKO AGENDA

Ekainan Beran egitekoak diren ekitaldien egutegia

2014(e)ko maiatzaren 29(a), osteguna

BERAKO BESTAK: EGITARAUAREN AZALERAKO LEHIAKETA ETA BERAKO OIHUA

Berako Bestatako Egitarauaren Azalean agertuko den irudia aukeratzeko egiten den lehiaketa hasia da jada. Irudiak aurkezteko epea ekainaren 27rarte dago irekia eta oinarriak argitaratuak daude www.berakoagenda.net webgunean. Bertzeak bertze, irudia paperean aurkeztu beharko da eta 18 x 27 zentimetro neurtu beharko ditu, euskarri gogor batean eman behar delarik. Saria bakarrari emanen zaio, eta 400 euroko eskupekoaz gain, irabazlearen lana 2014. Berako Bestatako Egitarauaren azalean agertzea da irabazteko dagoena.

Joan den urteko Egitarauaren azaleko irudia, Argi Agarak egina.
Bertzalde, Bestatako egitarauarekin batera datorren "Berako Oihua" aldizkarian lanak aurkezteko epea ere irekia dago, ekainaren 27rarte baita ere. Idatziak edozein gaiei buruzkoak izan daitezke, betiere Berako herriarekin harremanik badu; luzeerak gehienez ere bi orrialdekoa izan beharko luke eta edozein irudi edo argazki atxikitzen ahal zaie. Lanak posta elektronikoz bidali beharko dira kultura@berakoudala.net helbide elektronikora, baina badago zuzenean Kultur Etxera eramiteko aukera ere, euskarri digitalean. 

Berako Udalak testuak euskaraz idaztera animatzen ditu herritarrak, eta jakinarazten du, izazlan guztiak sartzeko lekurik izan ezean, euskaraz idatzitakoek lehentasuna izanen dutela.

Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria eman beharko dira, eta aldizkarian izena agertuko da nahitaez, goitizenak ere gehitzen ahal direlarik, baita elkarte edo erakunde baten izena ere, haien ordezkaritzan idazten den kasuan.

Ez da onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo irain dezakeen testurik, eta Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak testu horiek baztertzeko eskumen osoa izanen dute. Bi erakunde hauek ez dute zertan bat etorri Berako Oihuan argitaratutako iritziekin.

GURE ESKU DAGO ELKARRETARATZEA LIZUNIAGAN

Larunbatean elkarretaratzea eginen da Erabakitzeko Eskubidearen alde Lizuniagan

2014(e)ko maiatzaren 20(a), asteartea

GAZTE EGUNA LARUNBATEAN

Larunbat honetan ospatuko da 10. Berako Gazte Eguna, maiatzaren 24an. Egun honen berri emateko Kartel lehiaketarako deialdia egin zen eta bideo bat ere argitaratua izan da sarean. Aspaldian ez bezala, aurten kontzertuak ostatuetan izanen direla nabarmentzekoa da. Antolatzaileek mozorroekin agertzeko deita egiten dute goizeko 10etan altxaferoarekin hasiko den eta jada herri honetan ohikoa den besta hontara.
Aurtengo Gazte Eguna iragartzen duen kartela

2014(e)ko maiatzaren 7(a), asteazkena

GURE ESKU DAGO EGUNA: MOSAIKO ERRALDOIA



Heldu den larunbaterako, maiatzak 10, Gure Esku Dago eguna antolatu du Berako taldeak. Joan den martxoaren 21ean egin zen aurkezpenaren ondotik, taldea osatzeko bilerak egiten hasi ziren, bertzeak bertze larunbat honetan eginen den ekimena antolatzeko. Egitaraua arratsaldeko 16.30etan hasiko da, kiroldegi aurrean, haurrentzako jokoekin. 18etan izanen da musikaz alaituriko poteo herrikoian parte hartzeko aukera, 19etarako Berako Herriko Etxeko Plazan Mosaiko erraldoia osatzeko asmoarekin. Argazkia ateri ondotik pintxoak, sagardoa eta musika izanen dira, baita Giza Katearen parte izateko metroa eta kamisetak erosteko aukera.

http://izparringia.net/wp-content/uploads/2013/06/Esku.png
Taldeak herritarrak parte hartzera animatzen ditu , Erabakitzeko Eskubidea denon esku dagoela adieraziz.