2014(e)ko irailaren 29(a), astelehena

BEILATOKIA: UDAL TALDEEN ADIERAZPENAK

Irache Tanatorio Taldeak Berako Iturlandeta auzoan beilatoki bat irekitzeko baimena eskatu zuenetik hainbat erantzun eta gertaera eman dire auzokideen, udalaren eta enpresaren artean. Bilerak, eskaerak, sinadura bilketak, eta baita atxiloketa bat ere.

Iturlandetako bizilagun batzuk Berako Bestatan aldarrikapena egiten
Iturlandeta auzokideek idatzi bat egin zuten, haien desadostasuna erakutsiz, beilatokia leku egoki batean aldarrikatuz, udalaren erantzunak erangindako frustrazioa adieraziz eta etxebizitza azpietan beilatokirik ez izateko ordenantzak aldatzea eskatuz, eta idatziarekin ados zeuden 800 herritar ingururen sinadurekin batera aurkeztu zuten udaletxean. Horri erantzunez Berako Udaleko Aralar eta Eaj taldeek Ttipi-Ttapa aldizkariaren 621.alean (9.orrialdea) haien jarrera azaldu nahi izan zuten. Oraingoan Berako Bildu Udal Taldea da adierazpena egin duena, udalaren lanaren kritika argi bat egiten duelarik. Hurrengo idatzia helarazi digute:


BERAKO BILDU UDAL TALDEAREN ADIERAZPENA BEILATOKIARI BURUZ



Berako Bildu Udal Taldeak, Irachek Iturlandeta auzoan Beilatokia irekitzeko asmoa jakin izan genuenetik gaur arte izan diren gertaerei buruz hurrengo adierazpen hauek egin nahi izan ditu, jakinarazteko gure jarrera zein den  Berako herritarrei:



Aintzintik, erran nahiko genuke Berako Bildu Udal taldeak beti adierazi izan duela bere prestutasuna herritarren eskaerak entzun eta hausnartzeko. Udalaren lana da herritarren aldarrikapenak aditzea, gatazkarik balego konponbideak bilatzea eta, adibidez, bitartekaritza lanak egitea gatazka ezin denean udalean ematen ahal diren erabakien bidez konpondu. Are gehiago elkarkidetzaren aldeko diskurtso bat baldin badu.



Horrela, gure desadostasuna adierazi nahiko genuke Berako Udalean erabakiak hartzen dituzten Aralar eta Eaj udal taldeek gai honen aurrean izan duten jarrerarekin eta aferaren kudeaketa moduekin.



Batetik, ez da zilegizkoa, lehendabiziko momentutik, Berako Aralar eta Eaj taldeek Bildu Udal taldeari uko egin izana Iracheren beilatokia Iturlandeta 2ko etxebizitzen azpian jartzeari alternatiba bat bilatzeari, baita planteamenduei buruzko eztabaida bat emateko borondateari.



Bertzetik, eta Berako Udaleko ordezkariek Iturlandeta auzoko bizilagunekin izandako bileran ikusi ziren jarrera eta portaerak kontuan hartuta, ez dugu uste Berako Aralar eta Eaj taldeetako ordezkariek errespetuz eta zentzuz jokatu izan zutenik herritar talde honekin, ezta Bildu Udal taldeko ordezkariekin. Batetik ez dituztelako haien akordio  proposamenak kontuan hartu eta, bertzetik, erantzunetan hartu diren jarrera oldarkorrengatik.



Etxebizitzak dauden bloke baten azpian Beilatoki bat irekitzearekin ados egon ala ez, bloke hortako bizilagun guztietako inork ez badu nahi bertan Beilatokia egin dadin, eskubide osoa dute hori aldarrikatzeko eta alternatibak bilatzeko; eta Berako Udalaren laguntza eskatzen badute, honek posible duen heinean bere prestutasuna adierazi beharko luke gatazka hau konpontzeko eta bere eskuetan dagoena egin, bizikidetzarako ezinbertzekoa den moduan.
 

Erabat legitimoa iruditzen zaigu Iturlandeta auzokideen aldarrikapena, hala nola desobedientzia zibila eta erresistentzia pazifikoa erabiltzea haietan, bide politikoetatik erantzunik eta konponbiderik izateko mekanismoak agortuak direnean.



Etxebizitzen azpian Beilatokiak egitea debekatzen duen ordenantza bat egitea ariketa demokratiko gisa ulertzen dugu, bertzeak bertze 800 herritar baino gehiago baldin badira hori eskatzen ari direnak.



Baita ere, gure ezadostasuna adierazi nahi dugu Albinte Laguntzaileak zehazki Irailak 2 goizean hartutako erabakiekin eta gauzatutako ekintzekin, baita Alkatearen ongi deritzonari buruzko adierazpenekin.  Ez zen beharrezkoa foruzaingoaren interbentzioa eta, ondorioz, udaltzain laguntzaileak foruzaingoa deitu izana. Are gehiago, salatzekoa iruditzen zaigu Albinte laguntzaileak goiz hartan hartu zuen jarrera oldarkorra, atxiloketa bat probokatu izana eta, legitimotasunik gabe, horretan parte hartzea. Horregatik, Udaltzain Laguntzailearen laneko irizpideak argitzeko beharra ikusten dugu.



Bertzalde, Alkateak edota, edozein kasutan gerturatzerik ez badu, bere ordezkoak, presente egon beharko luke horrelako gertaerak ematen direnean, are gehiago herritarrek bere presentzia eskatzen badute.



Beilatoki zerbitzua Berako herriarentzat hagitz garrantzitsua da. Denek jaso dezaketen zerbitzua denez, hausnartze eta eztabaida prozesu bat merezi du eta, zergaitik ez, galdeketa edo partehartze prozesu bat, adibidez erabakitzeko zein nolako zerbitzua izan behar duen, ea lehentasunezkoa den, egokia den zerbitzu publikoa egitea edota eraikin publiko bat ahalbidetzen ahal den zerbitzu hori enpresa pribatu batek eramateko.



Berako Bildu Udal Taldearen aldetik arazo hau moldatzeko aukerak aztertzeko lanean segituko dugula erran nahi dugu. Berako Ủdalan dagoen ordezkaritza ezkertiarra eta abertzalea da gehiengo handi batean, ideologikoki hurbil gauden taldeek osatzen dugun gehiengoak erabakiak hartzea da Berako Udalean erabakiak hartzeko modurik egokiena. Hemendik aurrera eman beharreko pausuak zehaztuko ditugu.



Beran, 2014.eko Irailaren 29an

Berako Bildu Udal Taldea

2014(e)ko uztailaren 23(a), asteazkena

BERAKO BESTAK

Aurtengo Bestatako Programaren Azala,
Unai Ruiz Galarzarena
Jada inprentan dago Berako Bestatako egitaraua, Unai Ruiz Galarzaren marrazki irabazlea azalean duelarik.

Aurtengo berrikuntzen artean, dataren aldaketa da adierazgarriena. Abuztuaren 1a ortzila denez, egun bat lehenago bukatuko dire bestak aurten, abuztuaren 5ean alegia. Aipatzekoa da, bertzalde, Herri Bazkaria abuztuaren 2an eginen dela, eta Herriko Etxeko Plazan. Aurten Besta Batzordetik Herri Bazkari Batzordea sortu da, non bazkarirako behar izan direnak antolatu diren. 

Migatturik ez baina Su Artifizialak izanen dire abuztuaren 3ko gauerdian; eta aurtengo ekitaldi berri gisa Idi Probak aipatzekoak dire Matzadan abuztuaren 5 arratsaldean.



Bertzalde, eta egitarau ofizialetik kanpo, urtero larunbatean eginen den Preso eta Iheslarien Eskubideen Aldeko Kalejira Herrikoia arratsaldeko 18.30etan abiatuko da Mukixu zubitik Altzateko Plazara. 

Berako Agendan xehetasun gehiago.



2014(e)ko uztailaren 8(a), asteartea

3X3 SASKIBALOI TXAPELKETA SOLIDARIOA

Kartela xehetasunekin
Uztailaren 26 eta 27 egunetan izanen da, Enaitzen aldeko lehendabiziko 3x3 Saskibaloi Txapelketa Solidarioa. Antolatzaileen erranetan, "helburua saskibaloia herrian zabaltzea eta herrikoen artean elkarbanatzea da"; horretaz gain, partehartzeekin lortutako dirua "Enaitzek behar dituen tratamendu eta beharrentzat izango da" osotasunean.

Egitarauari dagokionez, larunbatean kuadrilen txapelketa ospatuko da. Bertan, 16 urtetik gorako 3 edo 4 pertsonez osatutako taldeak aurkeztu daitezke; haietatik bakarra izan daiteke federatua. 

Igandean, berriz, "Eliteen" txapelketa izanen da. Bertan federatuak nahi adina aurkeztu daitezke eta kategoria ezberdinak izanen dira, bata neskentzat eta bertzea mutilentzat.

Sariak izanen direla iragarri dute, nahiz eta ez den dirurik emanen. Saria talde irabazlearentzat izateaz gainera, talde originalenarentzat ere izanen da, baita "Sari Sorpresa" bat ere.

Izena emateko epea uztailaren 24rarte dago irekita eta 5€ko laguntza eman beharko da pertsonako (Errekalde, Xuga eta Kataku ostatuetan Beran eta Etxeberria ostatuan Lesakan).

Ekitaldia iragartzeko egindako bideoa:









2014(e)ko ekainaren 24(a), asteartea

KAXERNA GAZTETXEAREN FUNTZIONAMENDU EZTABAIDA

Asteazkenero Kaxerna Gaztetxean egiten den bileretako hurrengoa ez da ohikoa izanen. Kaxerna gaztetxekoek bilera berexi bat deitu dute, bertako funtzionamenduari buruzko eztabaida bat garatzeko asmoz. Egindako deialdian aipatzen den bezala, aspalditik omen dabiltza "prozesu hau ireki nahian eta orain momentu egokia dela" iruditzen zaie. Bilera dialdia herritar guztiengana zabaldu dute eta bertan "beratarron gaztetxea nolakoa izatean nahi dugun" erabakitzea izanen da helburua. 

Eztabaidaren dinamika talde txikietan emanen da, "ahalik eta aberasgarrien atera dadin", eta bukaeran ondorioak taldean uztartuko dire. 


Denon iritziak beharrezkoak direla aldarrikatuta, asteazken honetan, ekainak 25, arratsaldeko 19etan Kaxerna Gaztetxera agertzera animatzen dituzte herritarrak.





2014(e)ko ekainaren 4(a), asteazkena

AHOTSA.INFO PROIEKTUAREN AURKEZPENA

Ahotsa.info herri mugimenduko proiektu komunikatiboaren berri emateko, ortziral honetan, arratsaldeko 20.30etan, aurkezpen bat eginen dute Kataku Ostatuan atariaren kudeatzaileek. Herri mailako komunikabideek duten garrantziaz jabetzeko aukera izanen da beraz.   
Auzolan komunikatiboari ekiteko gonbitea egiten da ortzileko aurkezpenaren kartelean.

PIPI FEST

Larunbat honetan, ekainak 7, Kaxerna gaztetxean besta bat izanen da bertan egiten ari diren "Bowl"a eraikitzen laguntzeko. Enaitz Egunerako antolatuak diren ekintzen ondotik, ilunabarreko 20etan, FUNBOX FACTORY bizikleta exibizioa eginen dute. Bitartean, jan eta edateko aukera izanen da 22.30etan kontzertuak hasiko diren arte. MUXU BELTZA (Brutal Punk Rock in your balls) taldearekin hasiko da zuzeneko musika, gero IZEBERG taldeak bere Azalera diska aurkeztuko du eta bukatzeko MOI MOI DJ SET soinu dantzagarriak izanen dire. 
Pipi fest iragartzen duen kartela

EKAINEKO AGENDA

Ekainan Beran egitekoak diren ekitaldien egutegia

2014(e)ko maiatzaren 29(a), osteguna

BERAKO BESTAK: EGITARAUAREN AZALERAKO LEHIAKETA ETA BERAKO OIHUA

Berako Bestatako Egitarauaren Azalean agertuko den irudia aukeratzeko egiten den lehiaketa hasia da jada. Irudiak aurkezteko epea ekainaren 27rarte dago irekia eta oinarriak argitaratuak daude www.berakoagenda.net webgunean. Bertzeak bertze, irudia paperean aurkeztu beharko da eta 18 x 27 zentimetro neurtu beharko ditu, euskarri gogor batean eman behar delarik. Saria bakarrari emanen zaio, eta 400 euroko eskupekoaz gain, irabazlearen lana 2014. Berako Bestatako Egitarauaren azalean agertzea da irabazteko dagoena.

Joan den urteko Egitarauaren azaleko irudia, Argi Agarak egina.
Bertzalde, Bestatako egitarauarekin batera datorren "Berako Oihua" aldizkarian lanak aurkezteko epea ere irekia dago, ekainaren 27rarte baita ere. Idatziak edozein gaiei buruzkoak izan daitezke, betiere Berako herriarekin harremanik badu; luzeerak gehienez ere bi orrialdekoa izan beharko luke eta edozein irudi edo argazki atxikitzen ahal zaie. Lanak posta elektronikoz bidali beharko dira kultura@berakoudala.net helbide elektronikora, baina badago zuzenean Kultur Etxera eramiteko aukera ere, euskarri digitalean. 

Berako Udalak testuak euskaraz idaztera animatzen ditu herritarrak, eta jakinarazten du, izazlan guztiak sartzeko lekurik izan ezean, euskaraz idatzitakoek lehentasuna izanen dutela.

Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria eman beharko dira, eta aldizkarian izena agertuko da nahitaez, goitizenak ere gehitzen ahal direlarik, baita elkarte edo erakunde baten izena ere, haien ordezkaritzan idazten den kasuan.

Ez da onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo irain dezakeen testurik, eta Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak testu horiek baztertzeko eskumen osoa izanen dute. Bi erakunde hauek ez dute zertan bat etorri Berako Oihuan argitaratutako iritziekin.

GURE ESKU DAGO ELKARRETARATZEA LIZUNIAGAN

Larunbatean elkarretaratzea eginen da Erabakitzeko Eskubidearen alde Lizuniagan

2014(e)ko maiatzaren 20(a), asteartea

GAZTE EGUNA LARUNBATEAN

Larunbat honetan ospatuko da 10. Berako Gazte Eguna, maiatzaren 24an. Egun honen berri emateko Kartel lehiaketarako deialdia egin zen eta bideo bat ere argitaratua izan da sarean. Aspaldian ez bezala, aurten kontzertuak ostatuetan izanen direla nabarmentzekoa da. Antolatzaileek mozorroekin agertzeko deita egiten dute goizeko 10etan altxaferoarekin hasiko den eta jada herri honetan ohikoa den besta hontara.
Aurtengo Gazte Eguna iragartzen duen kartela

2014(e)ko maiatzaren 7(a), asteazkena

GURE ESKU DAGO EGUNA: MOSAIKO ERRALDOIA



Heldu den larunbaterako, maiatzak 10, Gure Esku Dago eguna antolatu du Berako taldeak. Joan den martxoaren 21ean egin zen aurkezpenaren ondotik, taldea osatzeko bilerak egiten hasi ziren, bertzeak bertze larunbat honetan eginen den ekimena antolatzeko. Egitaraua arratsaldeko 16.30etan hasiko da, kiroldegi aurrean, haurrentzako jokoekin. 18etan izanen da musikaz alaituriko poteo herrikoian parte hartzeko aukera, 19etarako Berako Herriko Etxeko Plazan Mosaiko erraldoia osatzeko asmoarekin. Argazkia ateri ondotik pintxoak, sagardoa eta musika izanen dira, baita Giza Katearen parte izateko metroa eta kamisetak erosteko aukera.

http://izparringia.net/wp-content/uploads/2013/06/Esku.png
Taldeak herritarrak parte hartzera animatzen ditu , Erabakitzeko Eskubidea denon esku dagoela adieraziz.


2014(e)ko maiatzaren 6(a), asteartea

BESTATAKO HERRI BAZKARIA ANTOLATZEKO BILERA

Aurreko besta batzordean Berako Bestatan egiten den Herri Bazkaria antolatu ahal izateko talde bat osatzea proposatu zen. Bertara herriko kuadrila ezberdinak zein gaian interesa duen edonor hurbildu daiteke. Helburua Herri Bazkaria partehartzaileagoa izatea izan badaiteke ere, modu honetan herritarrei nahi duten gisako bazkari bat antolatzeko modua izanen dute. Bertzalde, aspaldian zaharkituta zirudien formatuari aldaketa emateko aukera ikusten da, baita kuadrilen arteko harremana sustatzekoa ere. Bilera gaur ilunabarrean izanen da, maiatzak 6, asteartea, 19tan Beralandetan.  

Hurrengo Besta Batzordea maiatzaren 13an izanen da, 19tan Beralandetan eta honetara ere edozein hurbildu daiteke bestatako programari buruz jakitera, eztabaidatzera eta erabakitzera. 

Herri bazkariaren ondotik egiten den kalejiraren irudi bat

2014(e)ko apirilaren 4(a), ostirala

GAZTE EGUNERAKO KARTEL LEHIAKETA

Kartel lehiaketa iragartzen duen kartela
Maiatzaren 24rako aurreikusita dagoen aurtengo Gazte Eguna iragartzeko kartel lehiaketa eginen dute Kaxerna Gaztetxekoek. Aurtengoa 10. aldia izanen da egun hau antolatzen dela eta parte hartzea bultzatzeko, kartel proposamena apirilaren 28rarte bidali daiteke kaxerna_gaztetxea@hotmail.com helbide elektronikora. Informazio gehiago Kaxerna blogan.





BERAKO BESTAK ANTOLATZEKO BILERA

Berako kultur batzordearen Bestak antolatzeko bilera hurrengo astelehenean izanen da, apirilak 7, ilunabarreko 19etan Beralandetan. Garagero bilera bat egin da, zeinean Juan Losa zinegotzia kanporatua izan zen bere jarrera desegokiarengatik. 
Joan den urteko Kartel irabazlea

2014(e)ko apirilaren 3(a), osteguna

KONTZERTUA KATAKUN ORTZIRALEAN: PALENKA

Imágenes integradas 1
Bikotearen argazki bat
Lenka Eslobakiarra da eta Pavel Txekiarra. 
Beraien kultura zabaldu asmoz sortu zuten elkarte kulturala da Palenka. Kantu herrikoiak jotzen dituzte beraien jatorrizko herrietakoak nahiz hemengoak eta kontzertuak ospakizun berezi eta elkartruke bezela ulertzen dituzte. Bertze aldi batean ere kantuan entzun genituen Katakun, era espontaneo xamarrean, baino oraingo honetan kontzertu osoa ematera datoz. Giro berexian murgilduko gara beraz ortziral honetan, apirilak 4, 22.30etan.


2014(e)ko apirilaren 1(a), asteartea

GURE ESKU DAGO BILERAK

Joan den ortziralean egin zen aurkezpenaren ondotik, Gure Esku Dago dinamika jorratzeko bilerak hasiko dire astizken honetan, 18.30tan Beralandetan. Aurkezpenean herriko arlo eta sentsibilitate ezberdinetako 30 bat lagun bildu ondotik, lan talde bat osatuko da Ekainak 8an eginen den Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Gizakateari begira ekimen ezberdinak antolatu ahal izateko.

2014(e)ko martxoaren 24(a), astelehena

GAZTE EGUNA PRESTATZEKO BILERAK

Asteartero Berako Gazte Eguna antolatzeko bilerak izanen dira Kaxerna Gaztetxean, arratsaldeko 19etan. Martxoaren 25ean izan zen lehendabiziko bileran ia 30 lagun bildu ziren, eta bertaratu ziren gazteen gehiengoak lehen aldia izanen du lan honetan.
Gazte Eguna prestatzera deitzen duen kartela

2014(e)ko martxoaren 22(a), larunbata

GURE ESKU DAGO DINAMIKAREN AURKEZPENERAKO DEIALDIA EGIN ZUTEN ATZO

Atzo arratsaldean  Gure Esku Dago dinamikaren aurkezpenerako deialdia egin zuten Berako Kultur Etxean arlo ezberdinetako hainbat herritarrek. Heldu den ortziralean, martxoak 28, izanen den aurkezpenerako gonbidapena luzatu zuten bertan bildu zirenek. Aurkezpena Beralandetan izanen da, arratsaldeko 19tan, eta herritar guztientzat irekia izanen da.
Aurkezpenaren deialdia egin zutenen argazkia
"Arratsalde on eta eskerrik asko denoi etortzeagatik.

Garai   berriak   bizi   ditugu   Euskal   Herrian.   Garai   berri   hauek   baliatuz, 
elkarlanaren ildotik urrats berri eta sakonak egiteko unea dela pentsatzen dugu. 
Ezinbertzekoa   da   elkarrekin   aitzinera   egitea   ziklo   berri   eta   ilusionagarri   bat 
irekitzeko,   eta   bide   honetan   herritarrak   protagonista   nagusi   bilakatu   beharko 
ditugu.

Hemen   elkartu   gara   eremu,   sektore,   adin   eta   sentsibilitate   desberdinetako 
beratarrak,   baina   demokratikoa   eta   unibertsala   den   eskubide   batekiko 
atxikimenduak   biltzen   gaitu:   erabakitzeko   eskubidearekiko   atxikimendua. 
Elkarlanean eta auzolanean, aitzinera begira pausoak emateko prest gaude, prest 
eta  ilusionatuak.  Argi  ikusten  dugulako,  orain herritarrek hartu  behar dugula 
lekukoa.

Gaurko agerraldiaren helburua, datorren martxoaren 28an, 19:00tan, Berako 
Beralandetan  ‘Gure   esku   dago’   erabakitzeko   eskubidearen   aldeko   dinamika 
zabalaren   aurkezpenerako   deialdia   egitea   da.   Beratar   guztiak   gonbidatu   nahi 
ditugu ekitaldi  honetara, bai  partehartzaile edo ikusle bezala. Bertan, herriko 
biztanle   guztiei   helarazi   nahi   genieke   gure   etorkizunaz   erabakitzeko   dugun 
aukera, beharra eta zilegitasuna.

Ez   gara   hutsetik   abiatzen.   ‘Gure   esku   dago’   dinamika   mantso­mantso Euskal Herrian zehar hedatzen ari da, 2014­ko ekainaren 8a izanen da mugarri. Egun 
horretan, Iruñea eta Durango lotuko dituen erabakitzeko eskubidearen aldeko 
herritar katea osatuko da, eta Beratarrak ere, han izanen gara.

Eskerrik asko."